Sally Clark abokatu britainiarra zen. 1996an, hiru hilabeteko semea hil zitzaion, bularreko haurraren bat-bateko heriotzaren sindromeak (SIDS, ingelesez) jota. Urtebete geroago, bigarren semea, Harry, arrazoi beragatik zendu zen. Heriotza biek, naturalak baziruditen ere, susmopean jarri zuten Sally Clark eta auzipetua izan zen.
Auzitegian, Sir Roy Meadow mediku forentseak probabilitate-kalkulu bat aurkeztu zuen. Haren esanetan, bi haurren heriotzak naturalak izatea estatistikoki ia ezinezkoa zen.
Honako hau planteatu zuen: haur bat bularreko haurraren bat-bateko heriotzaren sindromeak jota hiltzeko probabilitatea 1/8500ekoa bada, bi haur arrazoi beragatik hiltzeko probabilitatea (1/8500)2 koa izango da, hau da, gutxi gorabehera 1/73000000koa.
Kalkulu horren ondorioz, 1999an seme bien hilketa leporatu zioten Sally Clarki eta espetxeratu egin zuten. Bi urte eman zituen kartzelan, errugabea zela aldarrikatzeari utzi gabe, gizartearen aurreiritzien eta justiziaren presiopean.

Halere, Roy Meadowk egindako probabilitate-kalkulua okerra zen. Bi heriotzak independenteak balira bezala kalkulatu zituen; hots, lehenengo heriotzak eta bigarrenak ez zutela inolako erlaziorik suposatu zuen. Baina zientifikoki frogatu zen bi heriotzak lotuta egon zitezkeela, lotura genetiko edo familiarren bat egon zitekeelako. Hortaz, kalkulua erabat desegokia izan zen, gertaerak ez direnean askeak probabilitateak ezin direlako zuzenean biderkatu.
2003an, estatistikan aditu batzuek esku hartu ondoren, Meadowren kalkuluak ez zirela zuzenak frogatu zen. Probabilitateak egokiro kalkulatuta, eta bi heriotzen arteko lotura kontuan hartuta, ez zegoen froga nahikorik Sally Clark kondenatzeko. Auzitegiek akatsa egin zutela onartu eta errugabetzat jo zuten.
Zoritxarrez, errugabea zela frogatuta aske utzi bazuten ere, bizi izan zuen guztiak arrasto handia utzi zuen Sally Clarkengan. Espetxealdiaren eta salaketa okerren ondorioz, depresio gogorra pairatu, eta 2007an hil zen.
Kasu honek eztabaida sakona piztu zuen justizia-sisteman, eta estatistikaren erabilera egokiaren eta testuinguru klinikoa kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu ziren. Probabilitateak modu arduratsuan erabiltzeak bizitzak salba ditzake.